Gaztelu borrokazaleak

MG_8739-NAFARROA-BIZIRIKEstatu bat defendatu zuten gazteluak ziren. Egun, ez dira ezer; oroitzapen guneak, legenda baten lekuko isilak. Bada fantasia kontua dela esango duenik ere. Paisaia baten ondarea, porrotarena. Inbasioa, gailendutako defentsa, sarraskia. Gure historiaren kapitulu tristea. Leku hauetako askotan ez dira harriak ere gelditzen, elizak eraikitzeko ebatsiak izan baitziren. Hala ere, kokapenaren balioa badaukate, izan ere, mapa batean markatze hutsarekin lurraldearen defentsarako eta erresistentziarako borondatea islatzen dute. Eskoletan ekiditen den historiaren lekuko argiak dira.

1512ko Nafarroako konkistaren harira piztutak eztabaidaren ondorioz, Nafarroa Bizirik taldeak gure erreinua defendatu zuten gazteluak gogoratzeko informazio xaflak ezartzeko ekimena martxan jarri zuen. Balore estrategiko gabeko harri zaharrak ziren. Egun, ez dira leku konfliktiboak; ez dute inolako misio ezkuturik, ez helburu politiko edo aldarrikatzailerik. Alboan daramagun iraganaren erreferentziak dira, besterik ez. Benetako lekuak dira, hori bai, iruditeria kolektiboa elikatzera bideratuak.

Diru-bilketak antolatu ziren. Eguraldiaren enbatei irauteko Cor-ten altzairuzko xafla ereduak diseinatu ziren. Gotorleku eta dorre bakoitzeko datuak biltzeko pertsona taldeak osatu ziren, euren borondatez lanean aritu zirenak datak, gertakariak, suntsiketak, izenak eta batailak zerrendatzeko. Uzkerian murgildutako txoko hauek euren kondaira berreskuratu zuten, hein batean. Ibilaldiak, mahainguruak eta bisita gidatuak antolatu ziren. Besta herrikoi batek leku hauek biziberritu zituen, ordu gutxi batzuz behintzat.

Tamalez, duela egun gutxi batzuk esku beltz bat oroimen xafla hauek mozten aritu da, gauaren babesean, esfortzua eta baliabideak lagun. Aurretik prestatutako ekintza izan da, izan ere, Gaztelugatxetik Zangozara mugitu da, Deio, Uharte, Unzue, Iguzkiza eta beste hainbat herritik igaro baita. Indarkeria sinbolikoa, memoria historikoaren kontra.

Batzuetan ez dakigu halako ekimen baten balioa zenbaterainokoa den; ideia bat pizten da, eta zerbaiterako balioko ote duen galdetzen diozu zeure buruari; ez dakizu mezuak zein ibilbide izango duen, zein izango den jendearengan izango duen inpaktua, zenbaterainoko indarra izango duen. Baina fantasiaren biziberritzera bideratutako xafla hauetara bideratutako amorrua ikusita, borrokaren kontakizunak gerra pizten jarraitzen duela nabarmendu daiteke. Leku huts hauek, armarik eta zaratarik gabekoak, euren funtzioa daukatela; izan ere, aintzinako garaian gaztelu horiek suntsitu eta eraitsi zituzten hoiek beldurra diote bizirauten duen horri, sinbolo soil bat besterik ez bada ere. Iruditeria. Memoria.

Siguiente Post