Jesse James euskal historian

220px-Jesse_james_portraitJesse Jamesen  bizitza kontatzen duen zinematografia amerikarreko Jesse James film (1939) klasikoan, pertsonaietako batek hauxe dio: “Jesse gaiztagin bat, lapur bat eta legegabe bat izan zen. Baina ez dut uste Amerika Jesse Jamesetaz lotsatzen denik”.

Halako pelikulekin gozatu duen edonork badaki, ideologiak ideologia eta pentsaerak pentsaera, Jesse Jamesen bizitza AEBetako errelatoaren zati dela, herrialde hura eraikitzeko memoriarena, eta haren historiaren handitasun eta miseriena. Eta, zalantzarik gabe, hori lotuta dago munduko jatorri guztietako etorkin-saldo handiak erakartzeko gizarte hark duen gaitasun ukaezinarekin. Integratzeko, asimilatzeko, identitate bat emateko eta gizarte-kohesioa eta etorkizuna eskaintzeko gaitasunarekin.

Aipamen zinematografiko hori egin dut, gure artean memoriaren eta historiaren kapitulu hori oso harrigarria baita. Jesse James filman ez bezala, euskal gizartea lotsatu egiten da gure Jesse Jamesetaz. Gure kontakizuneko protagonistek aurrerakoiak, feministak, solidarioak eta iraultzaileak behar dute izan. Hala ez bada, ezabatu egiten ditugu. Herriaren etsaitzat hartuta, hitza kentzen diegu. Edo, besterik gabe, paso egiten dugu historiaren kontu horiez, ahalke eta herabe baikara zaharra eta aspaldikoa den guztiaz.

Hala ere, esanguratsua da ikustea gure inguruko bi prozesu independentistek, Kataluniakoak eta Eskoziakoak, historiaren indarra erabiltzen dutela eta memoria historikoa berreskuratzeko ahaleginetan dihardutela. Kataluniak, adibidez, Bartzelonako porrota eta okupazioaren 300. urteurrenaren eguna aukeratu du bere subiranotasunaz kontsulta egiteko.

Nabarraldek, beste urte batez, Nafarroako edo Euskal Herriko (gauza bera da) historiari buruzko ikastaro bat antolatu du. Ikastaroa on line ematen da, Internetek orain ahalbidetzen dituen baliabideei esker. Beste behin ere, gure herriaren historia geure ikuspegitik aztertzea da helburua, ez Espainiako eta Frantziako Estatuen ohiko ikuspegitik; izan ere, azken planteamendu horretan, saihetseko zirkunstantzia hutsak besterik ez gara. Duela gutxi, katedradun batek trufa egiten zien ikasketa horiei, Ministerioko instantziek babestu gabeak direlako. Hau da, agintariek babestu gabeak. Jakina. Dena den, oraingo honetan, Nafarroako Ikastolen Elkartearekin batera antolatuta, ikastaroak baditu dagozkion kredituak, halakorik interesatzen zaionarentzat.

1976ko bere eskoletan, Michel Foucaultek zioen historia ez dela jakintzagai neutroa. Ez da ohiko zientzia –horrek ez du esan nahi metodo zientifikorik erabiltzen ez duenik-. Beti dauka interpretaziorako eta, beraz, subjektibitaterako nolabaiteko tartea. Dioenez, “boterearen ondorioek” eraikitzen dute historia. Gune pribilegiatua da nagusitasun politikoaren legitimazio-prozesu inplizituak lantzeko, noski. “Historia boterearen historia da beti –dio Yves Charles Zarkak, Foucaulten eskolen harira- boterea aldi berean subjektua eta objektua izatearen zentzu bikoitzean. Beraz, ez da boterearen  bilakaera deskribatze hutsa, baizik eta bera da boterearen jazoera bat: botereak bere buruaz duen diskurtsoa. Garaileak bere garaipena burutzeko duen modu bat, garaipen hori justifikatzen duen kontakizunaren bitartez”.

Hortaz, gizarteen eraikuntzaz ari gara hemen, dominazioaren ikuspegitik betiere. Foucaulten ustez, haatik, badago beste zeregin bat: boterearen historiaren bitartekoak agerian uztea, hain zuzen ere. Hori garaituei dagokie, azpiratutakoen historia idazteko. Zapalduen diskurtsoak askatzen saiatzea da, “errebolten diskurtsoak, non bere eskubideak aldarrikatzen dituen beste legitimitate baten tradizioak irauten baitu, nagusitu nahian”.

Laburbilduz, Foucaultek proposatzen duena historia ofiziala, boterearena alegia, iraultzea da. Horretarako, ordea, ezinbestekoa da jakintzagai honen balioa aintzat hartzea eta gure Jesse Jamesen presentzia berreskuratzea.