Noaindik Aritxulegira: kontakizunaren borroka

Robledal de Quercus robur (ClQr)250 haritz-kimuk osaturiko Aritxulegi komandoaren eldarniozko deuseztatzeak euskal gatazka bere ohi bezala kokatzen du berriro ere. Batzuetan, Monty Python’s Life of Brian filmaren argumentua hartu dugu gure zorigaitzen gorabeherak azaltzen eta ulertzen laguntzeko doktrinatzat edo ispilutzat. Ez dut gogoan, ordea, hau bezain kapitulu esoterikorik, quercus robur-ez osatutako basoa kentzea, alegia. Zuhaitz-adarrek sedizio-arriskua dakarte, nonbait.

Errealitateak, berriro ere, gaina hartzen dio fikzioari. Monty Python-ekoek ere ez lukete halako harpajotzerik irudikatuko. Bide batez, hemen esperpento espainolak gola sartzen dio umore ingeles uste handiko eta harroputzari.

Aritxulegikoa ez da, ordea, argudioen eta posizioen guda honetako eragiketa estrategiko bakarra. Kontakizunaren borroka honetan, aste honetako beste gertakaria errege berriak –oinordekoak- Leirera egin duen bisita izan da. Beti bezala, gure aditu jakintsuek kasualitate hutsen atalean sartuko dute kontu hau. Hemen, baina, ez da ezer kasualitatez gertatzen. Estatuaren krisi latz honetan, independentzia lortzeko katalanen erronkak bultzatuta batez ere, Espainiako koroa eskuratuko duena berehala etorri da ohoreak egitera matxinada eta zalaparten beste gunera. Nafarroara, euskal independentziaren abiapuntura. Leirera, bertako errege-erreginen mausoleora. Eta ohoreak eskaintzen dizkie duela mila urtez goitiko errege baskoiei (Eneko Aritza…).

Kasualitateak? Gutxi. Ezinbestekoak, besterik ez. Espainiako koroaren lurraldera eta egitura instituzionalera gutxien egokitzen diren bi herriak dira botere-zirkuluen maniobren jokalekua (erasoak, arreta desbideratzea, errege-piezak aldatzea…). Izan ere, botere horrek aurre egin behar die bere nagusitasun-posizioa ahultzeari eta egiturazko galera handiei.

Kontakizunaren borrokan gabiltza, eta gainean ditugu bere adierazpiderik erretorikoenak, sinbolikoenak, zaharkituenak, baina baita eraginkorrenak ere. Monarkia protokoloen eta irudiaren jokoa da. Antzerki hutsa. Horrek ez du esan nahi haren funtzioa hutsala edo alferrikakoa denik. Gure ezjakintasunak edo aingerukeriak soilik eragozten digu Estatuaren erakustaldiak interpretatzea, hau da, diskurtsoak eraiki eta lurraldeak batzeko estrategiak, eta legitimotasunak, botere-jokoak, lotura historikoak, erakundeak, identitateak eta abar sortzeko asmoen eszenaratzeak. Inperio ingelesari dagokionez, Edward Said soziologoak zioen botere inperialaren oinarria nagusitasun-kontzientzia bat zela, kolonizatuei eta metropoliko subjektuei inposatzen zitzaizkien kultur irudikapenen kontua.

Nabarraldek Noaingo Martxa antolatu du, aurten “Independentziaren garaia da” goiburuaz, eztabaida honetan sakontzeko asmoz. Martxaren aurreko astean hitzaldi batzuk antolatuko dira, gai horiek, zabaldu diren prozesuenak alegia, jorratzeko. Izan ere, Noaingo memorian kontakizunaren polemika hau aurkitzen dugu. Errege berriak Leirera egin duen bisitan ikusi dugunez, guri dagokigun memoria ez da gudariengana mugatzen, direla horiek azken 50 urtekoak edo 36ko gerrakoak. Gudu hartan (1521), 1512ko konkistaren ondoren, Nafarroako independentzia galdu zen, Estatuko mobilizazioaren ikuspuntutik (baliabide militarrak, jendea, nazioarteko aliantzak…). Orain, itxaropena sortu zaigu berriro gure inguruan, ikusita Espainia proiektuaren sinesgarritasunik eza, Eskoziako eta Kataluniako independentzia-prozesuak, horien inguruko eztabaidak eta argudioak, Europako hauteskundeen emaitza konplexuak… Guretzat ere independentziaren garaia da, eta agintari espainolen kezka agerian geratzen da kontakizunaren inguruko liskar horietan, Aritxulegiko basoa deuseztatzearen antzezpen horretan, edota haserreak baretu eta leialtasunak lortu nahian erregegaiak Nafarroako historia omentzeko egindako ekitaldian.Robledal de Quercus robur (ClQr)